Bi erakundeek helburu dute “haur, nerabe edo gaztearen garapen eta ongizatea abiapuntu nahiz helburu izanda, hezkuntza komunitatea osatzen dugun eragileen koordinazio eraginkorra”. Argazkian Mondrako lehendakaria Xabier Etxeberria eta Ardatzeko ordezkari Julen Belategi.
Mondra futbol taldeak eta Ardatz formazio eta ikasketa zentroak abiapuntu berbera izan dute elkarrekintza hau aurrera eramateko erabakia hartzerakoan. Hain zuzen ere, haur, nerabe edo gaztearen garapen eta ongizatea abiapuntu nahiz helburu izanik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun eragileen koordinazio eraginkorra dugu xede bi erakundeok.
Horretarako, jarraian datozen ildoak adostu ditugu, bi erakundeen arteko harremana formalizatu eta denboran zehar indartzen joan dadin.
Mondra eta Ardatzeko arduradunek komunikazio bidea zabalduko dute modu ofizialean. Horrela, elkarrekin dituzten erronka eta eginbeharrei era bateratuan ekiteko aukera zabalduko da.
Horrekin batera, komunean dauzkaten haur, nerabe edo gazteen jarraipen bateratua egin ahal izango dugu beraien ongizateari begira.
Ardatzek Mondrari formazio saioak eskainiko dizkio akordio honen baitan.
Ardatzek eta Mondrak modu bateratuan lan egiteko konpromisoa hartzen dute gazteei eragiten dieten balizko gatazken aurrean. Halaber, bien arteko jakintza arloak konpartituko dituzte entitate bakoitza bestearengandik elikatzeko xedez.
Hitzarmen honen baitan Mondrako jokalari direnek Ardatzen deskontu bereziak izango dituzte eta etorkizunean formazio zein ikasketa alorrean sortu daitezkeen aukeretan ere Mondrako familiek deskontu bereziak izango dituzte.
Herri kohesionatu, osasuntsu eta jantzi baten baitan elkarlan hitzarmen honek bere aletxoa jarri nahi du. Konfiantza osoa daukagu ale honek uzta oparoa ekar dezakeela, herriko eragileen arteko lotura indartuz, ideiek, proiektuek, esku-hartzeek… askoz emaitza hobeak ematen dituzte eta. Horixe da Arrasateko herriari egin nahi diogun ekarpen soziala hezkuntza eta kirol mundutik, gure herriko gazteak direlako herri honen etorkizuna eta erronkaz beteriko bidea delako aurrean dutena. Hezten dihardugun erakundeok jauzi bat eman eta elkarrekintza eta batasunetik ipar bat aurkitzen lagundu behar diegu; beraien eredu eta bidelagun izan behar dugu. Hori da hitzarmen honek oinarritzat duen printzipioa.